Eusko Jaurlaritzak Giza Eskubideen Ren Cassin Saria Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeari ICDP eman dio

Argitalpen-data: 


      mapa2-1.jpg
  • ICDPk exekuzioak prebenitzeko, jokabide bidegabeak eta arbitrarioak ezabatzeko, heriotza-zigorraren alternatibak proposatzeko eta sistema penal bidezkoagoak eta humanitarioagoak sustatzeko egiten du lan
  • Marta Santos Pais komisionatua giza eskubideen nazioarteko abokatuak, giza eskubideen, haurren eskubideen eta nazioarteko lankidetza juridikoaren arloetan 35 urte baino gehiagoko esperientzia duenak, jasoko du saria
  • 1948ko abenduaren 10ean onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrena betetzen da

Vitoria-Gasteiz, 2023/11/26

Eusko Jaurlaritzak Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeari (ICDP) emango dio René Cassin 2023 Saria, "munduko herrialde eta eskualde guztietan heriotza-zigorra indargabetzearen alde egindako borroka nekaezinagatik". Hala erabaki du sariaren epaimahaiak, heriotza-zigorra indargabetzearen alde eta munduko herritar guztien duintasuna eta giza eskubideak errespetatu eta babestuko dituen justizia penalaren alde erakundeak egindako lana aztertu ondoren.

"Sentsibilizazioaren, ikerketaren, politiken sustapenaren, Estatuentzako laguntza teknikoaren eta Nazio Batuekin batera egindako jardunaren bidez, ICDPk gogor lan egiten du exekuzioak prebenitzeko, jokabide bidegabeak eta arbitrarioak ezabatzeko, heriotza-zigorraren alternatibak proposatzeko eta sistema penal bidezkoagoak eta humanitarioagoak sustatzeko" adierazten du epaimahaiaren irizpenak.

Epaimahaiaren ustez, halaber, Batzordeak heriotza-zigorraren aurka hartutako konpromisoa "lehen giza eskubidearen aldeko alegazio irmo eta argia da: bizitzeko eskubidea. Gaur egun oraindik munduko eskualde askotan nabarmen urratzen den eskubidea".

Marta Santos Paisek1 —Haurren aurkako Indarkeriari buruzko Nazio Batuen Erakundeko Idazkari Nagusiaren Ordezkari Berezia izandakoak (2009-2019)— jasoko du saria Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosaren eskutik. Santos giza eskubideen nazioarteko abokatua da, eta 35 urtetik gorako esperientzia du giza eskubideen, haurren eskubideen eta nazioarteko lankidetza juridikoaren arloetan; gainera, nazioarteko lankidetza juridikoari, justizia-administrazioari, giza eskubideei eta haurren eskubideei buruz lan asko argitaratu ditu.

Saria banatzeko ekitaldia abenduaren 11n, astelehena, eguerdiko 12etan Villa Suso Jauregian egingo den gala berezi batean izango da.

René Cassin Sariaren banaketaren edizio hau oso efemeride berezi batekin bat dator, 1948ko abenduaren 10ean onartu zen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrenarekin.

René Cassin Saria

Eusko Jaurlaritzak 2003an sortu zuen urtero ematen den sari hau, giza eskubideen defentsan nabarmentzen diren pertsonak edo erakundeak publikoki saritzeko. Sariak René Cassin —1968an Bakearen Nobel Saria jaso zuen Iparraldeko legelaria— izena hartu zuen. Cassin duela 75 urte idatzi zen Giza Eskubideen Adierazpenaren inspiratzaile nagusietako bat da.

René Cassin Saria nori eman bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan ospe handia duten pertsonek osatutako epaimahai paritario batek erabakitzen du. Gaur egungo epaimahaia hauek osatzen dute: Jose Antonio Rodríguez Ranzek (presidentea) eta Noemí Ostolazak (idazkaria), Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak eta Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak, hurrenez hurren. Gainera, epaimahaikide dira honako hauek: Juanjo Álvarez, UPV-EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna eta Zuzenbidean doktorea; Mikel Mancisidor, Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea; Jon Mirena Landa, UPV-EHUko Giza Eskubide eta Botere Publikoen Katedrako zuzendaria; Carlos Martín Beristain, 2020ko René Cassin sariaren irabazlea eta Giza Eskubideetan aditua; Miren Elgarresta, Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria; Manuela Mesa, Ceipaz-Cultura de Paz erakundeko zuzendaria eta Demospaz Unibertsitate Institutuko zuzendarikidea; María Ojanguren, Gernika Gogoratuz-eko zuzendaria; eta Silvia Escobar, 2011ra arte Giza Eskubideei buruzko Misio Bereziko Espainiako enbaxadorea izan zena.

‘Giza Eskubideak 75’

Aurtengo sariaren epaian, Nazio Batuen Erakundeak 75. urteurrena dela eta abiatu duen "Giza Eskubideak 75" kanpainarekin bat egiten duela azpimarratu du epaimahaiak. Hori "Adierazpen Unibertsalak esan nahi duen guztiontzako askatasunaren, berdintasunaren eta justiziaren promesa" bultzatzeko egin du. Adierazpenaren lehen artikuluak honako hau proposatzen du: "gizaki guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berdinak dituzte, eta, arrazoiz eta kontzientziaz hornituta daudenez, anaitasunez jokatu behar dute elkarrekin".

Epaimahaiaren ustez, "promesa hori sinesgarria izatetik oso urrun dago mundu osoan beharra, askatasun falta edo diskriminazio mota ezberdinak pairatzen dituzten milioika pertsonarentzat. Ezingo genuke egun hau igaro gure mundua suntsitzen duten eta giza eskubideak baliatzea eragozten duten gatazka armatuak gogoratu gabe, bereziki nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen denean, edo heriotza eta sufrimendua eraginez helburu zibilak nahita erasotzen direnean, besteak beste, Ukrainan eta Palestinan gertatzen den bezala. Gatazka horietan eta gainerakoetan, bakea justiziaz eta nazioarteko zuzenbidea errespetatuz lortzeko deia egiten dugu, baita nazioarteko krimen guztien inpunitatea amaitzeko ere, haien egiletza edozein dela".

1: Marta Santos Paisi buruzko informazio gehiago esteka honetan: https://icomdp.org/comission/marta-santos-pais/

 

Informazio gehigarria