Elkarrizketa: Ariel Sánchez
Argentinako Maskulinitateak eta Gizarte Aldaketarako MasCS Institutuaren talde eragileko kidea.
Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da, UBA-Gizarte Zientzien Fakultatean. UNLPko Kazetaritza eta Gizarte Komunikazioko Fakultateko irakaslea da, eta Komunikazioko doktoretza ari da egiten hor. Gaur, Buenos Aires probintziako Emakumeak, Genero Politikak eta Sexu Aniztasuna Ministerioari atxikitako Berdintasunerako Maskulinitateen Sustapeneko zuzendaria da.
Azaldu diezagukezu zerk eragin zuen duela bi urte inguru Maskulinitateak eta Gizarte Aldaketarako Institutua sortzea? Zuen jarduera abiatu zenean, zein testuinguru sozial zegoen Argentinan? Eta nolako harrera izan zuen egitasmoak?
Maskulinitateak eta Gizarte Aldaketarako Institutuaren talde gidarian gaudenok denbora generaman gizonei eta maskulinitateei loturiko gaietan lan egiten, baina banaka: batzuek aktibismotik eta militantziatik jarduten zuten; beste batzuek ikerketatik eta irakaskuntzatik, eta beste batzuek kudeaketa publikotik. Azken hori da nire kasua, gaiarekin erabateko lotura duen Zuzendaritzako arduraduna bainaiz Buenos Aires probintziako Emakumeak, Genero Politikak eta Sexu Aniztasuna Ministerioan.
Hasiera-hasieran, elkartzen hasi eta gure lanei indarra ematea erabaki genuen. Argentinan, Latinoamerikako beste toki batzuetan ez bezala, gaiaren inguruan lan egiten ari ginenok antolatzeko instantzia bat falta zen, nahiz eta beste herrialde batzuetako adiskideekin gizonei eta maskulinitateei buruzko nazioarteko solasaldiak egin. Gainera, elkartzen hasi ginenean, mugimendu feministetako eta sexu-aniztasunerako aktibismoetako eztabaidek goitik behera zeharkatzen zuten gizartea, eta hala izaten jarraitzen du. Eguneroko bizitzako eremuetan (lanekoetan, hezkuntzakoetan eta politikoetan), dinamikak aldatzen hasita zeuden, eta urteen poderioz naturalizatutako genero-itunak gero eta modu masiboagoan ari ziren zalantzan jartzen.
Esparru horretan, gizonak (batez ere, gizon zis heterosexualak) interpelatuta sentitu ziren, baina horrek ez zuen nahitaez botere- eta desberdinkeria-harremanak eraldatzea eragin. Hori dela-eta, aldaketari gure ekarpena egitea erabaki genuen, garaiak eragindako ziurgabetasuna hartu eta ziurgabetasun hori bide nahiz estrategia bihurtzeko, gizonak genero-berdintasunerako politiketan inplika daitezen eta egitura patriarkalaren zati handi bati eusten jarraitzen dioten konplizitate matxistaren moldeak armagabetu daitezen.
MasCS Institutuaren lehen helburua, zuen webean aipatzen duzuen lehena, honako hau da: “Gizarte-aldaketa, aktibismo feminista eta sexualki disidenteetan sortzen ari diren proposamenetan durundan”. Zein dira proposamen horiek? Zer-nolako harremana duzue aktibismo horiekin, eta nolakoa da “gizarte-aldaketa” horri egin nahi diozuen ekarpena?
Institutuan gabiltzan gehienok militantzia feministen eta sexu-aniztasunaren inguruko militantzien parte izan ginen edo gara. Alabaina, ez dugu uste gure proposamenak antolakundeekin eta mugimenduekin dugun harreman pertsonal eta politiko horrengatik bakarrik daudenik gorabidean. Hain zuzen ere, aurreko galderan aipatu dudan moduan, aktibismo feminista eta sexualki disidenteek batez ere azken urteetan eragindakoaren emaitza dira bai gizonek gizarte-agertoki garaikideetan izan beharko luketen tokiaren gaineko itauna, bai eragindako desorientazioak eta ziurgabetasunak eta bai askotariko indarkeria motak desagerrarazteko estrategien bilaketa. Arlo horiek lehen ere jorratzen ziren, jakina, baina, argi eta garbi, aldaketa bat gertatu zen, eztabaidak eguneroko eremuetan (eskoletan, lantokietan, antolakunde politikoetan, klubetan...) gero eta toki handiagoa duelako. Institutua erantzunen bilaketa horretatik sortu zen; gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko estrategia feministak pentsatzeko asmoz, alegia. Gizonak (batez ere, gizon zisgenero heterosexualak) sexu- eta genero-harremanen demokratizazioan inplikatzeari begirako lan-ildoak zedarritzea pentsatu genuen, eraldaketa horiei erresistentzia ipintzen dieten eta indarkeria patriarkal eta matxisten zati handi bati eusten dioten praktiken armagabetzean inplika daitezen. Zentzu horretan, kanpainen, koadernotxo baten, gazteentzako tailerren eta antolatzen ditugun edo parte hartzen dugun hitzaldi eta elkarrizketa publikoen bidez egin genituen lehenbiziko esku-hartzeek gizonen taldeetan sortzen diren isiltasunak eta konplizitateak mahaigaineratzea izan zuten xede nagusia.
Talde gidaria osatzen duzuenok eremu nahiko ezberdinetatik zatozte (gizarte-zientzietatik, komunikaziotik, zientzia politikoetatik, medikuntzatik, kulturatik...), ibilbide-konbinazio interesgarria hori. Nola islatzen da aniztasun hori zuen funtzionamenduan eta antolatzen dituzuen jardueren jorraketan?
Hain zuzen ere, nire ustez, konbinazio horrexek egiten du taldea interesgarri; are konplexuagoa bihurtzen du lotura. Izan ere, gure iritziz, maskulinitatearen gaia eta, zehazki, arauzko maskulinitateari lotutako aginduen errepikapenean sortzen diren desberdinkeriazko harremanen gaia ezin daitezke isolatuta eta modu autozentratuan pentsatu. Gaiok lantzeko orduan, ez zaie generoak eta sexualitateak bizitzeko bestelako moduei bakarrik begiratu behar, generoek eta sexualitateek askotariko eremuetan duten funtzionamenduari ere so egin behar baitzaio.
Horrexek ematen digu heterogeneotasuna, eta ez profesionalei dagokienez bakarrik, baita militantzia-eremu ezberdinetan egon izanari dagokionez ere. Halaber, gure genero eta sexualitateen inguruko heterogeneotasuna ematen digu. Beti tematzen gara maskulinitateaz singularrean pentsatzen, hierarkiak, gorputzak, nahiak, bazterketak eta askotariko indarkeria motak sorrarazten dituen gailu bakartzat hartuta, eta esku hartzen dugun eremu guzti-guztietan pentsa dezakegu horrela, gure ibilbidearen zati diren alderdi guztietan.
Zuen helburuen artean, honako hau ere badago: “Agindu patriarkalaren maskulinitate disidenteak ikusgai egitea eta maskulinitate horiek ugaritu daitezen sustatzea”. Zergatik da ikusgaitasuna garrantzitsua? Eta nola gauzatzen duzue helburu hori?
Ziurgabetasun-agertoki honetan, gizonek (batez ere, gizon zis heterosexualek) sexu- eta genero-harremanen eraldaketan izan behar duten tokiari buruzko eztabaida agerikoagoa egin denez, ziurgabetasun horri modu eraldatzailean heltzea garrantzitsua dela uste dugu. Prestakuntza-, militantzia- eta kudeaketa-eremuetan egindako ibilbide pertsonaletatik abiatuta egindako lehenengo diagnostikoaren arabera, gizonak desorientatuta sentitzen ziren mugimendu feministen eta sexu-aniztasunaren inguruko mugimenduen eskaeren aurrean.
Gure ustez garrantzitsua da desorientazio horri erantzutea; izan ere, maskulinitateak bizitzeko bestelako moduak ikusgai egin ezean, desorientazio horrek ibilbide kontserbadoreago eta, are, biolentoagoetan amai dezakeela uste genuen, eta berdin pentsatzen jarraitzen dugu. Maskulinitatearen aginduak errepikatzeko joeraren problematikari eta gizonek agertoki garaikideetan izan beharko luketen tokiaren aferari estrategia feministak bilatzea izan da beti gure helburua.
Eremu politikoetan eta sare sozialetan, gero eta ugariagoak dira sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko mugimenduen eta feminismoen aurrerapenen aurrean indarkeria-moduak bultzatzen dituzten eta galdutako ustezko ordena berrezarri nahi duten diskurtsoak. Gure ustez, diskurtso horiek eraldaketaren aurreko arazoaren zati dira. Beraz, ziurgabetasuna eta desorientazioak munduan egoteko bestelako modu bihurtu nahi ditugu, “benetako gizontzat” har zaitzaten ustez ezarri behar den umiliaziorik, bazterketarik eta indarkeriarik (dimentsio guztietan) gabeko bizi-eredu.
Bestelako diskurtsoak eraikitzea, eskaera horiei beste modu batzuetan heltzea eta maskulinitatearen arauzko aginduak egunerokotasunean errepikatzeko erak birpentsatzea apustu bat da, erantzukizun kolektiboak birpentsatzeko apustua, gizon bakoitzaren ekintzatik haragokoa. Gizon-kategoria politizatzea eta kategoria hori genero-, bazterketa- eta desberdinkeria-egituran ulertzea oso premiazkoa da, genero-indarkeria mota oro deuseztatuko duen gizartea sortu nahi badugu.
Zuen jarduera hiru ardatzetan oinarritzen da: gizonentzako sexu-heziketa integrala, osasuna eta zainketen nahiz indarkeria matxistaren inguruko politikak. Zergatik hiru ardatz horiek?
Institutua eratu genuenean, hiru ardatz horiek gure eremuetan (ikerketan, hezkuntzan, kudeaketa publikoan, militantzian, hedapenean...) egiten ari ginenaren zati handi bat bateratzen zutela pentsatu genuen. Nolabait, eztabaida publikoan zeuden gaiei erantzungo geniela uste genuen; hala nola, hauei: aiten erantzukizunak eta zaintza-lanen desberdinkeriazko banaketa, genero-arrazoiengatik hainbat indarkeria mota ezartzen dituzten gizonekin lan egiteko estrategiak (indarkeria horiek, gainera, gero eta ikusgaiagoak dira eskolako eta laneko eguneroko bizitzan, besteak beste) eta programa nazionala egiteko orduan kontuan hartu ez zen sexu-heziketa integralean eduki horiek guztiak txertatzeko modua.
Maskulinitatearen funtzionamenduaz ezin daiteke modu isolatuan pentsatu, maskulinitatea gailu bakarra den heinean. Horregatik uste dugu funtsezkoa dela hiru ardatz horietan esku hartzea, desberdinkeriazko harremanei eusten dieten zutabeak azpikoz gora jartzeko bidea delako. Azken batean, harreman horiek eraldatu nahi ditugu. Indarkeriak jorratzeko orduan edo aitatasuna nahiz gizon zis heterosexualek zaintza-lanetan duten tokia birpentsatzeko orduan estrategia politikoak, komunikatiboak eta pedagogikoak sortzea, funtsean, generoen artean eta sexu-identitateen artean dauden bazterketa mota ezberdinei eta hierarkizazioari eusten dieten hierarkiak armagabetzeko modu bat da. Ez zaigu horrenbeste interesatzen eskakizun berrietara egokitutako heziketa berri bat sortzea gizonentzat; aitzitik, botere-harremanak eta harreman horietatik etor litekeena armagabetu nahi ditugu. Osasunean pentsatzen dugu, zainketetan pentsatzen dugu, eta heziketan pentsatzen dugu, batez ere askotariko indarkeria eta desberdinkeria motei eusten dieten gorputz-, ekoizpen- eta ekonomia-dinamikak gurutzatzen diren eremuak direlako horiek. Adibidez, zainketei eta gizonei buruz hitz egitea ez da, besterik gabe, “orain etxeko sukaldean aritu daitezkeen eta seme-alabekin denbora gehiago pasa dezaketen” gizonei buruz hitz egitea. Elkarrizketa horrek, funtsean, “pobreziaren feminizazioa” eta, bide batez, “aberastasunaren maskulinizazioa” berresten dituzten desberdinkerien zati handi bati eusten dion nukleo gogorra armagabetzearekin dauka zerikusia. Zainketez eta aitatasunez hitz egiteak, halaber, aberastasunaren birbanaketaz eta erantzukizunez ere hitz egitea dakar: pertsona guztiak lanean eta arlo ekonomiko nahiz sozialean garatzeko guneetara baldintza beretan sartzeko egitura prestatu behar da. Gero, egunerokotasuneko eraldaketetan egin beharko da lan, bai eta aldaketen aurrean eta berdintasunerako politiken garapenaren aurrean agertzen diren erresistentzia-moduetan ere, baina garrantzitsua da benetako berdintasuna lortu ahal izateko baldintzak sortzea.
Eta, hiru ardatzei dagokienez, zein ekintza eta jarduera egiten dituzue? Nori begiratzen diozue?
Institutua sortu zenetik, lehentasunezkotzat jo ditugun ardatzak ukitzen eta gurutzatzen dituzten arloetan egiten dugu lan. Hala nola, “Gizonak eta Maskulinitatea(k). Nerabeekin eta gazteekin tailerrak egitea errazteko tresna pedagogikoak” kit pedagogikoa egin genuen, herrialdearen luze-zabaletan erabiltzen diren proposamen teorikoekin, ikus-entzunezko proposamenekin eta tailerren inguruko proposamenekin hornituta. Eta, azken hilabetean, oinarritzat koadernotxoa duen eta tailerretako trebatzaileak edo bideratzaileak prestatzeko balio duen ikastaro birtual bat egin dugu. Norberak zuzentzen duen ikastaroa da, eta oso harrera ona izan du. Antzeko proposamenak egitea pentsatzen ari gara.
Era berean, konplizitate matxistaren sokak arrazoibiderik gabe uzteko kanpainetan eta aiten erantzukizunei buruzko beste kanpaina batzuetan parte hartu dugu. Oraintxe bertan, aitatasunagatiko lizentzien kontua eztabaidatzen ari gara, gure herrialdean eztabaida garrantzitsua baita.
Bestetik, hainbat lan-saretan parte hartzen dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu loturak eta artikulazioak eraikitzea, eta ez gure herrialdeko gune eta antolakundeekin bakarrik, baita munduko beste leku batzuetakoekin ere; batez ere, estrategia zabalak pentsatzeko eta gizonekin eta maskulinitateekin lan egiten dutenen agendak betetzen dituzten eztabaidak zein diren ikusteko. Latinoamerikako MenEngage Sareko, Gizonei eta Maskulinitateei buruzko Ikerketen Mahai-ingururako Batzorde Zientifikoko eta mahai-ingurua antolatzen duen nazioarteko ikertzaile-sareko kideak gara.
Iaz, antolatzeko eta sareak eraikitzeko premia sakontzen aritu ginen luzaroan, eta horregatik sustatzen dugu gizonekin eta maskulinitateekin lan egiten duten guneen errelebamendua.
Hitz egiguzu “Errelebamendua” proiektuari buruz; hots, Argentinan gizonekin maskulinitateen inguruan lan egiten duten guneen mapa eraikitzeaz. Zerk ekarri zuen ekimena? Zein dira helburuak? Esan diezagukezu zer dioten ikerketaren lehengo emaitzek?
Lehen esan dizudan bezala, Argentinan ez zegoen gaiarekin lan egiten duten taldeei buruzko datu argirik. Askotariko eremuetan elkarrekin gurutzatu izanagatik elkar ezagutzen genuen arren, ez zegoen egitura instituzionalizaturik, maila federalean honako hauek behatzea ahalbidetzen zigunik: zein talde zeuden, zein instantzia akademikotatik jarduten zuten, genero-arrazoiengatik indarkeria ezartzen duten gizonekin zein talde aritzen zen, hausnarketa-taldeak zein taldek eratzen zituzten eta zer-nolako antolaketa-sare motak ehuntzen ari ziren.
Ildo horretan, gizonekin lan egiten duten esperientzien lehenengo errelebamendua egitea pentsatu, eta egin egin genuen (Emakumeak, Genero Politikak eta Sexu Aniztasuna Ministerioarekin eta Argentinako Spotlight egitasmoarekin elkarlanean), eta hiru lan-esperientzia edo -unibertso azaleratu ziren: sektore publikoko esperientzia instituzionalak, gizonekin eta maskulinitateekin lan egiten duten antolakundeak eta genero-arrazoiengatik indarkeria ezarri izan duten gizonei arreta emateko guneak.
Institutua abiatu eta batez ere egiten ditugun materialei eta beste antolakunde batzuekin batera antolatzen ditugun elkarrizketa publikoko instantziei esker ikusgaitasun handiagoa eskuratzen hasi ginenetik, hainbat tokitatik idazten digute, Argentinako hiri eta probintzietan gai horiek landu ahal izateko guneez galdezka. Hau da, gizonekin ikuspegi feminista batetik lan egiteko eskaria gorakorra da, nahiz eta, aldi berean, agenda honen bultako guneen, kolektiboen eta erakundeen gabezia-sentsazioa, ikusezintasuna, ezjakintasuna eta sakabanaketa izugarriak izan. Garrantzitsua da maila federalean eskuragarri egongo den kontaktu- eta tresna-bitarteko bat eraiki eta jendarteratzea eta sareko lana koordinatu eta antolatzeko instantziak sustatzea. Are gehiago, eskubideen aurkako gorrotozko diskurtso batzuek gero eta atxikimendu handiagoa dutela kontuan hartuz gero; izan ere, gaur egungo giro sozialean kuestionatuta sentitzen diren gizon askok heltzen diete diskurtso horiei.
Zein dira MasCS Institutuaren hurrengo urratsak? Nola pentsatu duzue Argentinako, Latinoamerikako eta haragoko talde, erakunde eta organismoekin sarean lan egitea?
Gaur-gaurkoz, sakontzen jarraitzeko oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigun bi konturi forma ematen ari gara, bai gaia arlo publikoan hedatu eta sustatzeari begira, bai, eta batez ere, arauzko maskulinitateari loturiko aginduen errepikapena birpentsatzeko politika publikoak egiten direnean nolabaiteko eragina indartzeari begira.
Batetik, gizonekin lan egiten duten antolakundeekin sarea ehuntzen ari gara. Errelebamenduan, maskulinitateen eta gizonen inguruan nolabaiteko lana egiten duten erakundeen, kolektiboen eta antolakundeen kopuru handia dagoela ikusi genuen. Horregatik jarri genuen lehenengo xedetzat, lehen diagnostikoa egin ondoren, elkarrizketa eta antolaketa horiek sakontzeko behar diren loturak sortzea. Horrekin lotuta, errelebamenduak emandako datuak irakurtzeko denbora nahikoa hartzea izango da hurrengo urratsa, alboratzen ari garen arlo bat garatzeko balioko baitigu: gizonekin lan egiteko eta generoan nahiz sexualitateetan oinarritutako indarkeria eta desberdinkeria mota askotarikoak desagerrarazteko politika publikoak egiteko intsumoak eta gomendioak emango dituzten ikerketa-guneak eratu nahi ditugu.