Gizonduz: Informazioa.

ZER DA GIZONDUZ?

Gizonduz gizonak sexuen arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta beren parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren ekimen aitzindaria da eta Emakundek-Emakumearen Euskal Erakundeak sustatzen du.

Hauek dira bere helburuak:

• Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta emakumeen indarkeriaren aurka sentsibilizatutako eta inplikatutako gizonen kopurua handitzea.

• Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan trebakuntza duten gizonen kopurua handitzea.

• Gizonek etxeko lanetan eta pertsonen zaintzan duten erantzukidetasuna handitzea.

(gora bueltatu)


ZERGATIK JARRI DUGU ABIAN GIZONDUZ?

Ekimen hau abiaraztearen arrazoiak ondorengo hauek dira:

a) Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunek diraute.

Emakumeek eta gizonek bete izan ohi dituzten roletan aldaketa handiak ari dira gertatzen. Emakumeek lan-merkatuan daukaten partaidetza handiagoa, hezkuntzako maila guztietan egoteko aukera, prestakuntza eta kulturara sarbide handiagoa izatea, eta, hein txikiago batean, erabakiak hartzen diren eremuetara sarbide handiagoa izatea, bada, horiek guztiak emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egin ahal izateko aldaketa onuragarriak ari dira eragiten gizartean.

Haatik, lan-merkatuari, partaidetza politikoari, etxeko lanak egiteari, pobreziari, emakumeen aurkako bortizkeriari eta abarri buruzko datuek oraindik ere erakusten dute desberdintasuna dagoela gizonek eta emakumeek gizarte honetan betetzen duten lekuan. Desberdintasun horren jatorria, hain zuzen, sexuaren araberako jokaera-estereotipo eta -eredu soziokultural batzuk dira, funtsean, emakumeei etxeko eremuaren ardura eta gizonei eremu publikoaren ardura izendatzen baitiete, eta hori, gainera, balorazio eta aitorpen ekonomiko eta sozial oso ezberdina eginez.

b) Gizonek gutxi parte hartzen dute etxeko lanean eta berdintasunaren aldeko ekintzetan.

Teorian gizon gehienak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde ageri diren arren, praktikan oraindik ez da behar adina inplikazio lortu aipatutako berdintasuna lortzeko. Hala ondoriozta daiteke gizonek emakumeekin alderatuta gaiaren inguruko sentikortze- eta trebatze-jardueretan eta etxeko lanen eta pertsonen zaintza-lanen esparruan izandako parte-hartze eskasetik.

c) Gizonen inplikaziorik gabe berdintasuna ez da posible.

Emakumeek lan-merkatuan nabarmenki txertatzea; hezkuntzako maila guztietan parte hartzea; prestakuntzan, kulturan eta erabakiak hartzen diren eremuetara sarbide handiagoa izatea..., horiek guztiak justuago eta berdintasun maila handiagoa izango duen gizarte bat lortzeko bidean aurrera egin ahal izateko aldaketa onuragarriak ari dira eragiten. Dena den, emakumeek gizartean duten paperean aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari diren bitartean, eta tradizionalki maskulinotzat joak izan diren eremuetan gero eta gehiago parte hartzen duten bitartean, gizonen partetik ez da gertatzen ari esku hartze nabarmenik etxeko lanei dagokienez, ezta tradizionalki femeninotzat joak izan diren gainontzeko funtzio eta balioei dagokienez. Baina ez da nahikoa emakumeen aldaketa benetako berdintasuna lortzeko, eta haiek ez dira berdintasun maila handiagoa izango duen gizartea lortzeko interes duten bakarrak.

d) Berdintasuna lortzeak pertsona guztiekin zerikusia du, gizonekin zein emakumeekin, eta denei onurak ekar diezazkieke.

Gainera, bizikidetza-eredu berriak ez die horiei bakarrik mesede egiten, gizarte osoari baizik, gizonei barne. Izan ere, gaur egungo gizarte-sistema patriarkalak gizonei talde gisa pribilegioak ematen dizkien arren (diru-sarrera, botere-maila eta esparru publikoko autoritate-maila handiagoak, eta nagusiki emakumeek egindako etxeko lanen eta zaintza-lanen onurak jasotzea, besteak beste), sistemak zereginak eta esperantzak sexuen arabera modu zurrunean bereizteak kostuak ere eragiten dizkie gizonei. Gizonen bizi-itxaropena txikiagoa da emakumeena baino, eta joera handiagoa izaten dute droga-mendekotasuna, zirkulazio-istripuak, lan-istripu larriak, indarkeriazko heriotza eta kartzelaratzea jasateko. Gizonek, gainera, familiak ekonomiaren aldetik mantentzeko sozializatu dituzten aldetik, presio handiagoa jasaten dute lanaldia luzatzeko. Hala, nagusiki produkzioaren munduari eskaintzen diote beren bizitza, eta ez dituzte bestelako zenbait potentzialtasun eta gaitasun garatzen, ugalketaren eta afektuen munduarekin erlazionatutakoak nagusiki. Hautemangarriak dira, halaber, nagusi den eginkizun sozialetik urruntzen diren eta tradizionalki "femeninotzat" hartu izan diren portaerak eta zereginak publikoki hartzera ausartzen diren gizonek jasandako onarpenik eza eta, zenbaitetan, gutxiespen soziala.

Azken finean, gure gizarteak, emakumeak baztertzeaz gain, atsekabea eragiten die hala emakumeei nola gizonei. Hori horrela izanik, mende honetako erronka eredu sozial berri demokratikoago, justuago eta berdintasunezkoagoa eraikitzea izan beharko litzateke. Hala, pertsona guztiak eremu publikoan zein pribatuan beren gaitasunak guztiak garatzeko eta erabakiak sexuaren araberako tradiziozko zereginek eta estereotipoek ezarritako mugarik gabe hartzeko gai izan beharko lirateke, eta gizarteak berdin aintzatetsi, baloratu eta sustatu beharko lituzke emakumeen eta gizonen jarrerak, itxaropenak eta beharrak. Horretarako, funtsezkoa da gero eta gizon gehiago honako ekintza hauek aurrera eramateko prest izatea: maskulinitatearen tradiziozko eredua zalantzan jartzeko, sistema patriarkalak ekar diezazkiekeen pribilegioei uko egiteko, beren buruak gaizki ulertutako maskulinitatearen zamatik aske uzteko eta pertsona askeagoek eta libreagoek osatutako gizarte berria lortzeko emakumeekin batera aktiboki lan egiteko.

e) Berdintasuna beharrizan estrategikoa da herrien giza garapenerako eta haien garapen sozial eta ekonomikorako.

Giza eskubidea izateaz gain, emakumeen eta gizonen berdintasuna baldintza estrategikoa ere bada demokrazian sakontzeko eta justuago, kohesionatuago eta gizakien, gizartearen eta ekonomiaren aldetik garatuago izango den euskal gizarte berria eraikitzeko.

f) Badaude, gainera, aldeko baldintzak.

Gaiaren gainean nazio arteko erakundeek egin dituzten adierazpenei jarraiki, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako erkidegoko planak, marko juridiko egoki bat egituratzen dute, emakumeekin batera, gizarte justuago eta berdintasunezkoago baten alde gizonen konpromiso aktiboa lortzera beren beregi zuzenduta dauden ekimenak herri administrazioek abian jar ditzaten.

Bestalde, badira hogeita hamar urte baino gehiago herri erakundeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten hasi zirenetik. Berdintasun politiketan haiek duten eskarmentua Euskadiko Autonomia Erkidegoa leku faboragarrian ipintzen dute Gizonduz-en moduko ekimen berritzaileak garatzeko.

Gainera, inkestek erakusten duten moduan, ugariak dira teoriaren ikuspegian sexuen arteko berdintasunaren alde agertzen diren gizonak. Beraz, berdintasunaren aldeko diskurtsoak bere isla eguneroko praktikan izan dezan sustatu beharra dago.

(gora bueltatu) 


ZERTAN DATZA GIZONDUZ?

Sentikortzearen, prestakuntzaren eta etxeko lanetan erantzukidetasuna lortzearen eremuan neurri multzoa osatzen duen ekimena da Gizonduz. Gizonek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez parte-hartze eta inplikazio handiagoa izan dezaten, eta aipatutako helburua lortzeko efektu biderkatzailea izango duen nahikoa masa kritikoa sortzeko. Aipatutako helburuak eta neurriak ondorengo bi ideietan oinarrituta: batetik, sentikortasuna eta trebakuntza pentsamoldea eta portaera aldatzeko giltza direla, eta, bestetik, gizonek sexuen arteko berdintasunaren aldeko kontzientziazioa eta konpromisoa handitzeko berariazko neurriak proposatzeak portaera-eredu soziokulturalen aldaketaren esparruan aurrerapauso handiagoa ematea erraztuko duela. Aldaketa ezinbestekoa da emakumeen egiturazko berdintasun ezeko egoeraren prozesuak edo faktoreak zuzentzeko, eta gizaki gisa garatzeko dauzkaten aukerak indartzeko (bai emakumeenak, bai gizonenak).

Ekimena 2007ko azaroan abian jarri zen eta hura aurrera eramateko berdintasunaren eta maskulinitatearen alorrean adituak diren eta gizonekin berdintasunaren aldeko lanean esperientzia duten pertsonen laguntza bilatu da.

Ekimen hau gizonei berariaz zuzendutako neurriak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko proposamen orokorrean eta integralean txertatuta daude. Planteamendua Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean dago jasota, bai eta Gobernu Batzordeak 2006ko irailean onartutako Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako VII Planean ere. Bere lehentasunezko helburuak emakumeen autonomia pertsonala bultzatzea eta haien egoera soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea dira; helburu horiek erdiesteko, ezinbestekoak dira gizonen konpromisoa indartzeko neurriak.

(gora bueltatu) 


EKINTZAK

2007ko azaroaren 2ko Gizonduz ekimena sortzen duen agirian jasotzen den plangintzari jarraiki, besteak beste, ondorengo ekintzak burutu dira.

Lehenengo ekintza izan zen 2007ko azaroaren 5ean eta 6an Donostian maskulinitatea eta eguneroko bizitzari buruz egin zen nazioarteko biltzarra. Bertan izan ziren hainbat lurraldetako aditu, eta horiekin batera gutxi gora-behera 400 parte hartzaile.

Hilabete horretan bertan "Berdintasunak gizonago egiten zaitu" sentsibilizazio kanpaina burutu zen, batez ere gizonei zuzendua, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde beraien konpromiso aktiboa bultzatzeko. Kanpainan zehar euskal telebista publikoan (ETB-1 eta ETB-2) hainbat iragarki eman ziren.

2008ko apirilean Lehendakariak jendaurrean aurkeztu zuen “Euskal gizonen eskutitza, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka” agiria. Gutunari atxikimendua eman zioten gizonen artean daude politika arloko, kultur arloko eta hedabideetako ordezkariak. Era berean, azken urteetan gure erkidegoan berdintasunaren eta maskulinitateen inguruan lan egiteko sortutako hausnarketa taldeek ere beraien atxikimendua erakutsi zuten. Jendaurrean aurkeztu zenetik, hainbat ekimen egin ziren beronen aldeko sentsibilizazioa eta zabalpena bultzatzeko, hala nola kartelen bidez, prentsa eta irratien bidez, aldizkari bat eginez edo herrietan informazioa emateko eta sinadurak biltzeko karpa ipiniz. Eusko Jaurlaritzak eta hainbat udalek, beste zenbait erakunde publiko eta pribaturekin batera, gutunaren hedapenean eta sinadura bilketan lagundu zuten. Horri guztiari esker, 10.000 gizonek baino gehiagok gutunari atxikimendua erakutsi zioten urte bateko epean.

2008ko apirilean Eusko Jaurlaritzako web orrialdean (www.euskadi.eus/gizonduz) web orrialdean Gizonduzentzat gune berria sortu zen, ekimenari buruzko informazio zabala modu desberdinetan eskainiz, hala nola elkarrizketekin osatutako atalaren bidez, dokumentazio gunearekin, bibliografia eskainiz, bideoak eskueran jarriz, intereseko web guneetara bideratzeko estekekin, etab. Gainera, 2009ko uztailetik 2018ra arte web orrialde horretan Gizonduzen bloga egon zen, herritarrei zabalduriko gunea berdintasunarekin, gizonekin eta maskulinitatearekin zerikusia duten berriei buruzko iritziak, hausnarketak eta iruzkinak adierazi ahal izateko. Era berean, 2009ko abendutik Gizonduz ekimenari buruzko berriak Facebook-en eta Youtube-n ere aurki daitezke.

2008ko irailean aita izango direnentzako Gizonduzen motxila aurkeztu zen, eta harrezkero 2012ko abendura ia 30.000 gizonek jaso dute Osakidetzako emaginen bidez eta foru aldundietan adopzio kontuak daramatzaten atalen bidez. Bertan sentsibilizazio materiala biltzen zen, aitatasunarekin eta zaintzarekin lotuta dauden jarraibideak eskaintzeko asmoarekin, baita ere balore ez sexisten transmisioan aitaren irudiaren eraginari buruz hausnarketa egiten laguntzeko. Materialen artean “Aitak” dokumentala, “Aitaren sekretua” ipuina, “Aitak berdintasunean” gida, “Gizonak, berdintasuna eta maskulinitate berriak” gida, autoan jartzeko eranskailua eta Gizonduzen egunkaria jasotzen ziren.

Azaroaren 25eko ospakizunak zirela eta, 2008ko azaroaren 24an Bilboko Arte Ederren museoan “Euskal gizonak emakumeenganako indarkeriaren aurka” ekimena burutu zen. Ekimenera Lehendakariarekin batera, 200 gonbidatu baino gehiago joan ziren, gehienak gizonak, euskal gizarteko hainbat eremutako ordezkariak, hala nola politika, kultur eta kirol arlokoak, hedabideetakoak, ekonomia arlokoak, gizarte mugimenduetakoak, etab.

2009ko martxoan Gizonduzen sentsibilizazio eta prestakuntza programa abian jarri zen. Programa hainbat ikastarok osatzen dute, horietarik zenbait aurrez aurre egitekoak dira eta beste zenbait internet bidezkoak. Ikastaroen bereizgarria da dohain izatea, eta horrekin batera eskaintza zabal eta anitza izatea, eta baita moldagarriak eta malguak izatea ere. Bezeroaren arabera moldatzen dira, bai luzerari eta edukiei dagokienean, baita ere egingo den lekuari eta hartzaileari dagokienean. Ikastaroetan emakumeek parte har dezaketen arren, bereziki gizonei zuzenduta daude. Helburu diren gizonek, bakarka edo kolektiboan, interes pertsonala dutelako edota profesionala dutelako, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zer den eta beraren alde nola lan egin dezaketen jakiteko eta sakontzeko jakin mina daukate. Zentzu horretan, gizonekin, berdintasunarekin eta maskulinitatearen lotutako gaiak lantzen dira, eta baita ere osasuna, zaintza, aitatasuna, sexualitatea, indarkeria, bide-segurtasuna, toxikomaniak prebenitzea, kriminaltasuna prebenitzea, eta antzeko gaiak ere. Gizonduz-en prestakuntza eta sentsibilizazio programa martxan jarri zenetik 2022ko abendura arte, ia 14.000 gizonek eta 9.500 emakumek parte hartu dute. Gainera, gogobetetasun maila oso altua izan da (8,3 10erainoko eskala batean) eta nabarmendu daiteke ia % 100ak baliagarri ikusi dituztela beraien eguneroko bizitzarako eta beraien bizitza profesionalerako.

2009 eta 2012 bitartean Emakundek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde diharduten gizon-elkarteentzat diru laguntzak eman zituen. Proiektuetan  berdintasunaren alde eta emakumeen indarkeriaren aurkako ekimenak aurkeztu ziren, hala nola sentsibilizazio kanpainak, prestakuntza programak, jardunaldiak, topaketak, eta abar.

2011n “Maskulinitateak eta berdintasuna: jakintza-alor anitzeko azterketa” argitaratu zen. Agiri digital hau pentsatua dago ikuspegi pertsonaletik zein profesionaletik, gizonen berdintasunaren eta maskulinitateen alorrekin lotutako gaietan eta oso desberdinak diren hainbat arlotan –hala nola osasuna, zaintza, giza eskubideak, indarkeria maskulinoak, emakumeen aurkako indarkeria, bide segurtasuna, drogamendekotasunen eta kriminalitatearen prebentzioa– sakondu nahi duten guztientzat.

2017ko ekainean, EJIE SA elkarte publikoarekin elkarlanean, “Gazteak Berdintasunean 2.0” proiektua aurkeztu da. Proiektu horren bitartez, emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrerak bultzatu nahi dira nerabeen eta gazteen artean (bereziki, mutilen artean). Horretarako, teknologia berrietan oinarrituta, heziketarako tresna berritzaileak erabiliko dira.

2017tik udal-eremuan eta 2018tik Eusko Jaurlaritzaren esparruan, hainbat prozesu garatu dira berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako gizon politikarien taldeak eratzeko. Prestakuntza-, hausnarketa- eta truke-eremu horietan, gizon horiek beren eragin-eremuan berdintasuna sustatzea lortu nahi da eta, bereziki, beste gizon batzuek kausa horrekin duten konpromiso pertsonala eta kolektiboa sustatzea. Gainera, 2021etik euskal erakunde publikoetan kargu politikoak betetzen dituzten gizonentzat lineako prestakuntza saioak egiten dira.

2018. urtean "Gizonok esan eta egin" kanpaina jarri zen martxan. Kanpaina honekin euskal gizonek berdintasunaren aldeko ekintza konkretuak haien egunerokotasunean egitearen konpromisoa hainbat eremuetan har dezatela bilatzen da: erantzukidetasuna bultzatzeko, zaintzetan, indarkeria matxistari aurre egiteko, berdintasunaren aldeko ideiak hedatzeko eta mezu eta jarrera sexistak salatzeko.

2020an, itxialdi garaian, ”Kronabirus garaian, zaintza +. Egin dezagun dagokiguna” kanpaina abiarazi zen. Kanpaina hau gizonei zuzendua zegoen beren gain har zitzaten etxeko lanak eta zaintza lanak, neurri handi batean emakumeen esku uzten direnak, abiapuntutzat hartuta COVID-19ak eragindako krisia aukera bat zela gogoeta egiteko eta gizonen aldaketa positibo bat sortzeko emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde.

Gizonduz ekimenaren 15. urteurrena ospatzeko, 2022an Gizonak, maskulinitateak eta politika publikoak. Berdintasunarekiko konpromisoa nazioarteko biltzarra antolatu zen. Helburua zen Euskadin gizonezkoei zuzendutako berdintasun-politika publikoen inguruan egindako lanaren berri ematea eta horri buruz hausnartzea, legegintzako zein gizarteko erronka berriei aurre egiten lagunduko duten esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea, zeharkako aliantzak ezartzea eta sendotzea hainbat sektorerekin, etorkizunerako proposamenak egitea eta gizonezkoek —banaka eta kolektiboki— eta batez ere gazteek, berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzen alde egin dezaten lortzea.

Horiez gain, gizonek emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ikastaro, master eta graduondokoetan parte hartzea bultzatzeko, jarduera horiei buruzko publizitatea egiteari ekin zaio Gizonduzen webgunearen bitartez eta sare sozialetan.

Ekimena abian jarri zenetik, berdintasunarekin, gizonekin eta maskulinitateekin, oro har, eta Gizonduzen alderdi eta neurriekin, zehazki, zerikusia zuten hainbat kontsulta erantzun dira, aholkularitza lana eginez. Kontsulta horiek pertsonek, berdintasuneko eragileek, emakumearen institutuek, legegintza-organoek, udalek, kirol federazioek, elkarteek, sindikatuek, enpresek, emaginek eta abarrek egin dituzte.

Gainera, programaren berri eman da eta hainbat erakunderekin lankidetzan aritu da, hala nola Nazio Batuekin edo Genero Berdintasunerako Europako Institutuarekin, Europako proiektuekin (GEMMA, Men in Care), hainbat herrialdetako berdintasun-erakundeekin (Argentina, Txile, Uruguai...) eta Estatukoekin (Kanarietako Berdintasun Institutua, Andaluziako Emakumearen Institutua, Bartzelonako Udala...).

Amaitzeko azpimarratu behar da Gizonduz abian jarri zenetik berau ezagutarazteko asmoz Emakundek hainbat sentsibilizazio ekimenetan parte hartu duela (hitzaldiak, jardunaldiak, biltzarra, etab.) eta hainbat hedabidetan izan dela Gizonduzi buruz hitz egiten. 

Informazio gehiago duzu memorien atalean.

(gora bueltatu) 


ETORKIZUNERAKO ERRONKAK

Gaur egun, programaren erronka nagusia da orain arte egindako lana sendotzea eta, bereziki, Berdintasunerako Euskal Legearen 2022ko erreformaren ondoriozko agindu berriei erantzutea. Erreforma horrek planteatzen du, ekintza espezifikoekin batera, beharrezkoa dela gizonentzako berdintasun-politiken zeharkako ikuspegia eta maila anitzekoa izatea, bai eta bigarren mailako prebentzioaren eremuan esku-hartze handiagoa egitea ere.

Lan honekin guztiarekin gure erkidegoan berdintasunaren alde maskulinitate eredu tradizionala zalantzan jartzen duen eta bizitzeko modu berdintasunezkoagoen alde egiten duen gizonen masa kritikoa osatu nahi dugu, beste gizonentzat, eta batez ere hurrengo belaunaldientzat erreferente izango dena. Era horretan, etorkizun hurbilean Euskal Erkidego Autonomoa Estatuan eta nazioarte mailan erreferente izan dadin nahi dugu gizonek etxeko lanei eta zaintzari eskainitako ordu kopuruari dagokionean, baita ere berdintasunaren alde jendaurrean konprometitu diren eta gai honekin lotutako sentsibilizazio eta prestakuntza kanpainetan parte hartu duten gizon kopuruari dagokionean.

(gora bueltatu)